XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zarataka egin zioten Horaziori errusieraz.

Hitzik ulertu ez arren, Horaziok bazekien gizon haiek galdegiten ziotena: zakur hura nondik etorria zen, berea ote zen, baimenik ba ote zeukan txakurra Errusiara sartzeko...

Horaziok burua mugituz eta behatz azkarraren keinuaz esan zien:

- Turko ez nirea. Turko oso berea.

Tutik ulertu ez zuten poliziek joaten laga zioten azkenean, batez ere Horazioren erruz pasaporteen ilara gero eta handiagoa ari baitzen egiten.

Ilararen atzealdetik andre batzuek eta larruzko sonbreirua zeraman agure zuzpertu batek kexu oihuak egin zituzten, seguru asko, jendea horrenbeste denboran zain edukitzeko eskubiderik ez zegoela esanez.

Geltokia atzean laga bezain azkar, motxila galdu izanaren damua piztu zitzaion Horaziori.

Hotz egiten zuen Moskvan, hotz sekulakoa.

Apirileko urtarrila zirudien, geltoki pareko putzu guztiak izoztuta ikusita.

Ez zegoen gora begiratu beharrik arbolak ikusteko: izotzetan islatzen ziren urki garaien adar oraindik hostailaz jantzi gabeak, eta usoak ere putzuko izotzaren ispiluan ikusten ziren, zeru grisean hegaka.

Kale luze bat hartu zuen Horaziok noraezean.

Kale zurrunbilotsua.

Txirringa berriz eta auto zaharrez josia.

Bigarren bidegurutzera heldu baino lehen, Turkoren itzala sumatu zuen bere hanken ondoan.

Makurtu eta lehenengo aldiz egin zion igurtzia zakurrari, Moskva bezalako hiri handietan ezagun bat izatea beti baita atsegin.

- Zu ez galdu Turko. Nola etorri niregana?

Zakurrak isatsaz erantzun zion bera ere pozten zela treneko lagun zaharra berriz ikusteaz.